Duela aste batzuk iragarritako moduan, asteazken honetan, irailak 30, abian jarriko da Portugaleteko etorkizuneko emakumeen etxearen proiektua batera diseinatzeko eta idazteko lan-saioen ibilbidea; hau da, herritarrekin eta udalerrian berdintasunaren alde lan egiten duten eragileekin lankidetzan aritzeko proiektua.
Parte hartzeko prozesuaren talde eragilea osatzen duten 25 emakumeak adin, kultura edo jatorri ezberdinekoak dira, geografia aldetik nahiz feminismoaren, kulturaren, hezkuntzaren edo euskararen alde lan egiten duten mugimendu edo taldeetan parte hartzeari dagokionean ere. Emakume horiek konpromisoa hartu dute proiektuari forma emango dioten zazpi lan-saioetan parte hartzeko; beraz, ekimen honen inguruan dagoen interesa agerian geratu da.
2020ko irailetik abendura bitartean, gune hau abian jartzeko alderdi nagusiak sakonduko ditugu, berdintasunaren inguruan 2019an burututako XVIII. Jardunaldien esparruan egindako hausnarketa-saioan aurreratutako lana abiapuntutzat hartuta. Horrez gain, hurbilekoak eta inspiratzaileak diren bi esperientzia ezagutuko ditugu informazioa egiaztatu eta lortzeko; hala nola, Basauriko Marienea eta Zarauzko Emakumeen Etxea.
Parte hartzeko prozesuaren ibilbide-orrian lankidetza-proiektu hau definitzeko funtsezkoak diren hiru lan-ardatz jorratzen dira: (1) Edukia: Emakumeen etxean garatu beharreko programa eta jardueren tipologia; (2) Espazio fisikoa: espazioaren premiak eta aukerak; (3) Kudeaketa eta gobernantza: antolaketa-eredua, iraunkortasuna, udalerriarekiko harremana eta proiektuaren komunikazioa.
Talde eragilearen parte-hartzea eragotzi dezaketen zenbait oztopo (osasun-alerta, ordutegiak, parte-hartze digitala eta abar) gainditzeko, talde bideratzaileak erreminta digitalak erabiltzeko prestakuntza-tailerra egin du, saio telematikoak ahalik eta normaltasun handienarekin egin ahal izatearren.
Parte hartze eta lankidetza prozesu honen emaitza abenduaren erdi aldera aurkeztuko da, lortutako aurrerapenen eta akordioen berri prozesu osoan zehar emango dugun arren, blog honetan bertan eta sare sozialetan #Portuigualdad etiketa erabilita.
Beraz, badakizu, proiektu honen aurrerapenen berri izan nahi baduzu, erreparatu bide horiei.