Iritsi da eguna! Gure udalerriaren historian kapitulu berri bat idatziko dugu, eta zu gurekin egotea nahi dugu.
Bidatzenea, Portugaleteko Emakume Guztion Etxea, ez da eraikin hutsa, orain egia bihurtu den bidaia baten, amets partekatu baten emaitza nabarmena baizik. Proiektu hori adinez,
kulturaz eta jatorriz askotarikoak diren 40 emakumetik gorako talde baten beroari eta indarrari esker sortu zen, guztiak feminismoarekiko konpromisoak elkartuta, feminismoa etorkizun askoz bidezkoago baterantz aurrera egiteko eraldaketa-tresna gisa ulertuta.
Duela urte batzuk, 2020an, pandemia zela kausa erronkaz betetako aldi batean, Portugaleteko Udalak bultzatutako prozesu parte-hartzaile batean murgildu ginen eta hori konexio eta sormenaren benetako odisea bihurtu zen, zazpi saio telematikotan. Pantaila bakoitzean, leiho digital bakoitzaren atzean, emakume bat zegoen, bere onena emateko prest, amets hori egia bihur zedin. Distantzia fisikoa gorabehera, gure ahotsak ozen entzun ziren, muga birtualetatik haratago lotzen gintuen asmo partekatu batek bultzatuta.
Eta orain, hainbat hilabetetako lanaren ostean, oztopoei aurre egin eta erronkak gainditu ostean, iritsi da hainbeste itxaron dugun unea. Bihotza hunkituta eta burua argi, Bidatzeneako ateak zabalduko ditugu, batasun, ahalduntze eta erresilientziaren sinboloa izan dadin eta beste lorpen bat feminismoaren historian.
Helburuak eta printzipioak
Bidatzenea gune feminista bat da, etxe inklusibo bat, aterpe seguru bat, leku dinamiko eta irisgarri bat, proiektu parte-hartzaile eta aktibo bat, erreferentzia iraultzaile eta aktibismo feministaren erreferentzia bat, ikuspegi ekologiko eta jasangarria duena.
Etxe honek ahalduntzeko eta maila indibidualean zein kolektiboan eraikitzeko balio izatea nahi dugu; lotura esanguratsuak ezartzea eta zubiak eraikitzea, elkarrekiko konfiantzan oinarritutako komunikazio ireki eta arin baten bidez; eta politika publikoetan eragitea, emakumeek bizitzako eremu guztietan eta erabakiak hartzeko guneetan parte-hartze aktiboa izan dezaten sustatuz, gizartea eraldatzeko bitarteko gisa.
Jarduera-programa
Bidatzeneak konpromisoa hartzen du programazio feminista, irekia eta dinamikoa proposatzeko. Programazio horren jarduerak hiru multzotan biltzen dira: ahalduntze-eskola; jarduerak, programak, lankidetzak eta proiektuak; eta zerbitzuak eta baliabideak (emakumeei harrera eta laguntza ematea, informazio-zentroa, aholkularitza juridikoa, liburutegi feminista, etab.).