- Portugaleteko Udalak urriaren 24an eta 25ean egingo ditu XXIV. Berdintasun Jardunaldiak. Aurtengo leloa “Indarkeria berriak, betiko arrakalak” izanik, arreta jarriko dute indarkeria matxistaren agerpen berrien gainean, desberdintasunaren betiko arrakalak desagerrarazteko ekintza eraldatzaileak topatu nahian.
- Urriaren 24an María Guijarro Ceballos Berdintasunerako Estatu idazkariak ekingo dio gogoetari, indarkeria matxista estatu-arazo gisa kokatzen duen ponentzia batekin. Bestalde, Elisa García Mingo Soziologian doktoreak aztertuko du diskurtso neomatxistek eta ultraeskuindarrek nola sortzen dituzten gazteen artean genero-arrakala berriak. Goizaldeko saioa amaitzeko, Ana Goitia Erkiagaren hitzaldia izango dugu: “Lodifobia eta gorputz-dibertsitatea”.
- Urriaren 25ean, berriz, hiru mintegi antolatuko dira aldi berean. Hona hemen gaiak: adingabeak babestea indarkeria digitaletik, sexu-erasoen biktima diren adingabe instituzionalizatuen babesgabetasun penala eta indarkeria bikarioa dibortzio-prozesuetan.
Portugalete, 2025eko urriaren 6a. María José Blanco Gavieiro Portugaleteko alkateak prentsaurreko batean aurkeztu du gaur goizean Berdintasun Jardunaldien 24. edizioa. Jardunaldiok urriaren 24an eta 25ean egingo dira Santa Klara kulturtegian. Aurtengo leloa “Indarkeria berriak, betiko arrakalak” izanik, arreta jarriko dute indarkeria matxistaren agerpen berrien gainean, desberdintasunaren betiko arrakalak desagerrarazteko ekintza eraldatzaileak topatu nahian.
“Portugaleteko Berdintasun Jardunaldien 24. edizioa urriaren 24an hasiko da eta bat egingo du mugarri historiko baten 50. urteurrenarekin: duela mende erdi, Islandiako emakumeen % 90ek greba egin zuen genero-desberdintasuna salatzeko. Berrogeita hamar urte geroago, feminismoaren nazioarteko ikur bihurtu zen gertakari hark ekintza kolektiboaren botere eraldatzaile izugarria gogorarazten digu oraindik ere. Portugaleten ondare hori jasotzen dugu, indarkeria berriei eta oraindik dirauten arrakala zaharrei aurre egiteko”, azaldu du alkateak.
Urriaren 24an (ostirala) María Guijarro Ceballos Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Estatu idazkariak ekingo dio gogoetari hitzaldi hau eskainiz: “Indarkeria matxista Estatuko arazo legez”. Horren ostean, Elisa García Mingo Madrilgo Unibertsitate Konplutenseko Soziologia Saileko irakasle eta doktoreak “Neomatxismo eta ultraeskuina: genero arrakala gazteen artean” hiltzaldian azalduko du diskurtso neomatxistek eta ultraeskuindarrek nola sortzen dituzten gazteen artean genero-arrakala berriak.
Eta, azkenik, goizaldeko saioa ixteko, “Lodifobia eta gorputz-dibertsitatea” hitzaldia izango dugu, Ana Goitia Erkiaga telebistako zuzendaria, umorista eta moda-influenzerraren eskutik. Goitia arras ezaguna da, estilo kritiko eta umoretsua darabilelako itxura fisikoari lotutako estigmak jorratzen dituenean. Hitzaldi hau euskaraz izango da eta interpretazio-zerbitzua erabiltzeko aukera eskainiko da.
Urriaren 25ean (larunbata), aurreko urteetan bezalaxe, hiru mintegi antolatuko dira aldi berean eta horien zuzendariak feminismoaren arloko adituak izango dira. Hasteko, Beatriz Izquierdo Pliego Zuzenbidean lizenziatu eta Zuzenbide Penalean, Kriminologian eta Espetxe Zuzenbidean espezializatuak “Adingabeek indarkeria digitalaren aurrean behar duten babesa” aztertuko du.
Bigarrenez, Marta Dolado Galíndez Auzolaneko Aholkularitza Juridikoko Zerbitzuaren arduradun eta Bizkaiko Abokatuen Elkargoko Emakume Letratuen Taldeko kideak “Sexu-erasoen biktima diren adingabe instituzionalizatuen babesgabetasun penala” izeneko mintegia eskainiko digu.
Eta hirugarren mintegian, Nora San Sebastián Ballestero psikologo, trauman aditu eta generoan eta gizarte arloko esku-hartzean espezialistak, Leire Serrano Alberdi “Regadera” espazioko fundatzaile eta “La huerta” espazio komunitarioko zuzendariak, eta Joana Portal Escarcena psikologo, familia- eta bikote-psikoterapeuta eta generoan eta maskulinitateetan espezialistak gogoeta egingo dute elkarrekin gai honen inguruan: “Omisioa eta ekintza: indarkeria bikarioa dibortzio-prozesuetan”.
Kafea hartzeko atsedenaldi baten ostean, bost adituek beren mintegien ondorioak azalduko dituzte bateratze saio batean. Hiru gaien arteko gune komunei buruz arituko dira eta entzuleek ere parte hartzeko tartea eta aukera izango dute.
Noemí Pastor Martínez izango da jardunaldien aurkezlea eta Portugaleteko Berdintasun batzorde Mistoko kide batzuek moderatuko dituzte mintegiak.
Parte hartzea doakoa da, baina plaza kopurua mugaturik dago. Beraz, izena eman behar da www.portuigualdad.com webgunean, 94 472 91 68 telefono zenbakian edo bidatzenea@portugalete.org helbide elektronikoan.