Portugaleteko Udalaren Gizarte Zerbitzuak
Telefono bidezko arreta psikologikoa krisialdian osasun alertak iraun bitartean
2020/04/19
COVID-19ak eragindako epidemia hau krisialdi masiboa izanik, eragin handia du gure emozioetan, besteak beste kutsatzeko beldurra eta etxeko itxialdia direla kausa. Horrek guztiak ondorio psikozozial ugari ekarri du berekin, gutariko askok senidea edo adiskidea galdu baitugu, lanpostua ere galdu baitugu, aldi batez ala betiko, edo bakarrik sentitzen baikara, familiarengandik urrun.
Horrexegatik, pandemiak iraun bitartean, Portugaleteko Udalaren Gizarte Zerbitzuek telefono bidezko arreta psikologikoa indartu dute herritar guztientzat, hala osasun alertaren nola etxeko itxialdiaren eragin psikologikoa leundu nahian.
Arreta jarduketok, beraz, zehatzak eta laburrak izango dira, eguneko egoerari begirakoak, eta jomugan honelako egoeretan dauden gizataldeak izango dituzte:
- Antsietatea, mehatxua (norberaren kontra edo hurbilekoen kontra), ziurgabetasuna, zaurigarritasuna, beldurra, tristura, amorrua, haserrekortasuna, kezka edo beste hainbat sentipen eramangaitz.
- Birusak jota, hurbileko bat galdu izanak askotan sentsazioa uzten digu ezin izan garela berarekin egon, bakarrik utzi dugula, ezin izan diogula lagundu, ez eta agur esan ere. Horren ondorioz, emozioez gainezkatuta gaude, hurbilekoaren galerari senideekin batera aurre egin ezinik.
- Nekea, lorik egin ezina, ezertxo ere egiteko gogorik eza. Horrek zaildu egiten du egunerokoa egin ahal izatea, bai eta lan egin ahal izatea ere.
- Etxean itxita egonik, bizikideen arteko tirabirak eta gatazkak.
- Urduria, aztoramendua, larritasuna, berehalako arrisku baten pean gaudelakoan, panikoa, gaitza bera edo gaixotzeko kezka burutik kendu ezinik.
Arreta psikologiko hau jasotzeko, 681 311 862 telefono zenbakira deitu behar da. Bestaldean, Portugaleteko Udalaren Gizarte Zerbitzuetako Arreta Psikologikoaren Zerbitzuko langileak arituko dira astelehenetik ostiralera 8:00etatik 15:00etara.
Zerbitzuko langileek sumatuko balute erabiltzaileren batek bestelako baliabide espezializatua edo esku-hartze psikologiko jarraia behar duela, egoki bideratuko lukete.