Portugaleteko Emakumeen Etxea diseinatzeko herritarren partaidetzarako proiektua amaitzear dago. Pixkanaka-pixkanaka, Portugaleteko Emakumeen Etxearen helburuak eta printzipioak, espazioaren diseinua, gobernantza-eredua edo garatuko diren jarduerak adosten ari dira eta akordio horiek ezagutarazteko ordua iritsi da.
Ondoren, gune berri honetarako jarduerei eta zerbitzuei buruzko proposamena partekatzen dugu. Proposamen horrek indarra hartu du talde eragilea osatzen duten 25 emakumeen lankidetzari esker, eta Portugaleteko Berdintasunerako Batzorde Mistoak berretsi egin du.
Portugaleteko emakumeen etxeak egitarau feminista, irekia eta dinamikoa eduki nahi du. honako hauek dira:
IRIZPIDEAK
- Edozein jarduera da onargarri, baldin eta ikuspegi feministatik proposatzen bada.
- Hamabi urtetik gorako neskato eta gazteei zuzendutako jarduerak egongo dira egitarauan.
- Udalerriko emakumeen beharrizan eta interesak aintzat hartzea funtsezkoa izango da jarduerak proposatzeko orduan, eboluzioaren eta etengabeko berrasmaketaren ikuspegi batetik.
- Emakumeen etxea zabalik egongo da ordutegi zabal batean. Hartara, emakumeen errealitate desberdinetara egokituko da.
- Udalaren beste ekipamendu eta zerbitzu batzuekiko aliantzak bilatuko dira, baliabideak eta sinergiak partekatzeko asmoz.
Emakumeen etxean jarduerak egiteko proposamenak
ondoko hiru multzo hauetan bildu daitezke
AHALDUNTZE ESKOLA
- Tailerrak: autoestimua, hazkuntza pertsonala, emozioen adimena, autodefentsa pertsonala, sexualitatea, arteterapia…
- Hitzaldi inspiratzaileak, gaiok landu ahal izateko: mugimendu feministaren historia, tokiko edo nazioarteko esperientziak, gertuko kultura, emakumeen eskubideak, sinesmen mugatzaileak, generodun begiradapeko gaiak (hirigintza, lan-diskriminazioa eta abar).
- Ikastaroak, gai hauek jorratzeko: feminismoa zentzurik zabalenean, eten digitala gutxitzeko gaikuntza teknologikoa, lan-kontuetako ahalduntzea edo prestakuntza kualifikatzailea (zaintza-lanak ere egitekoak).
- Prestakuntza politika publikoetan eragiteko bai eta feminismotik gizarte-eraldaketa bultzatzeko ere.
JARDUERAK ETA PROIEKTUAK
- makumeen Nazioarteko Eguna (martxoak 8) eta Emakumeen aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Eguna (azaroak 25) direla eta, ekitaldiak eta abar.
- Programa askotarikoak: besteak beste, erantzukidetasuna sustatzekoak edo indarkeria matxistaren aurkakoak.
- Talde egonkorrak sustatzea gai jakin baten inguruan jarduteko: zaintza-lanak, amatasuna, irakurketa-kluba, zineforuma…
- Tokiak partekatzea emakume-elkarte eta kolektiboekin autokudeatzeko moduko proiektuak aurrera eramateko.
- Ondo pasatzeko jarduerak: dantzatzekoak, dibertitzekoak, barre egitekoak…
- Berbalagun feminista: topaguneak eta belaunaldiarteko elakrrizketak, jakintza, trebetasunak eta ezagupenak partekatzeko.
- Portugaleteren historia emakumeen bitartez ezagutzea. Portugaleteko emakumeen lanak ikusgarri egitea eta erakustea artean, musikan, idazkuntzan, historian eta abarretan.
- Inguruan erreferenteak bilatu eta sortzea.
- Emakume migratzaileekiko elkarlana.
- Bakarrik dauden emakumeei sostengua ematea. Era berean, toki bat proposatzen da, lasai eta erlaxaturik egotekoa, bai eta lagunduta eta errespetatuta sentitzekoa ere.
- Autozaintza, euskarrirako toki gisa ulertuta, arteetatik (arteterapia) emakumeek euren burua berriro eraikitzeko eta taldean prozesua partekatzeko.
ZERBITZUAK ETA BALIABIDEAK
- Etxean harrera egitea eta laguntzea. Etxera doazen emakumeei laguntzea, bai eta entzutea ere, dauden tokira hurbilduta.
- Etxea informazioa lortzeko eta harremanak egiteko gunea izango da emakumeekin diharduten udal zerbitzu guztientzat. Emakumeen beharrizanei entzutea baliagarri izango da oso, baliabide edo zerbitzu berriak proposatzeko orduan.
- Emakumeei zuzenduriko aholkularitza juridikoa, udalaren oinarrizko gizarte-zerbitzuekin elkarlanean.
- Liburutegia eta podcast-bilduma.
- Haurtzaindegiaren zerbitzua, jendeak hala eskatuta, jarduera jakin batzuetarako.
- Etxea informazioa lortzeko eta harremanak egiteko gunea izango da emakumeekin diharduten udal zerbitzu guztientzat. Emakumeen beharrizanei entzutea baliagarri izango da oso, baliabide edo zerbitzu berriak proposatzeko orduan.