Portugaleteko Udalak, Berdintasun Batzorde Mistoaren bitartez, abian jarriko du datorren astean udalerrian etorkizunean edukiko dugun emakumeen etxea diseinatzeko prozesua. Horretarako, abiapuntutzat hartuko da herriko hainbat emakumek eta taldek XVIII. Berdintasun Jardunaldiak direla medio egindako hausnarketa, Portugaleteko emakumeok izango dugun eremu horren gaineko ametsean aurrera egin nahian.
Ordutik hona hilabete batzuk igarota, covid-19 gaitzak eragindako geldialdiaren ostean, berriro ekin nahi diogu herritarrekiko elkarlanari, emakumeen etxearen proiektua elkarrekin diseinatu eta idazteko asmoz. Prozesu hori aurkezteko saioa, 50 bat minutukoa, linean egingo dugu asteartean, ekainak 30, 19:00etan, eta zehatz-mehatz, hauexek agertuko ditugu: proiektua diseinatzeko aurreikusitako ibilbidea, saioen egutegia, saioak burutzeko modua, osasun neurri guztiak betetzen ditugularik, eta prozesuan gurekin batera arituko den talde laguntzailea.
Iazko azaroan egindako lantegian 40 bat emakumek eraiki zuten elkarrekin “Nahien maketa” eta bertan bildu egin zituzten espazio berri horri begirako nahiak, etorkizuneko emakumeen etxeari dagozkion helburuak, oinarriak eta ikuspegiak lantzen zituztelarik.
Portugaleteko emakumeek eta taldeek espazio bateratzailea nahi dute, sareak josteko, emakumeen ahalduntzea eta parte hartzea errazteko, emakumeekin eta feminismoarekin zerikusia duen oro erabakitzerakoan eragina izateko, eta prestakuntza-eskaintza eragarkarria egiteko, beti ere aniztasuna eta bestelakotasuna onartuta.
Emakumeen etxea espazio feminista izango da, topaketa kritikoa egiteko, aldarrikatzeko eta parte hartzeko, segurua, malgua, askatasun osoz atxikitzekoa, anitza, ekologikoa eta jasangarria. Emakumeen etxearen gobernantzaren gaineko lehenengo iritzi-ematearen arabera, herri administrazioa eta gizartea elkarlanean aritu beharko dira gobernantzaren diseinuan; parte-hartzea bermatu beharko du, proiektu zehatza, profesional kualifikatuak eta aurrekontu nahikoa eduki behar dituelarik; jarduerak programatuko ditu, hainbat zerbitzu eskaini, sutondoa eta kafea hartzeko lekua eduki eta autogestionatzeko txokoa ere bai; eremuak erabilera anitz izango ditu eta ateak zabalik haurrentzat eta mendekoentzat.
Iazko jardunera bueltatuz, gogoratuko duzuenez, lantegia egin baino lehen Ermuko Emakumeen Etxearen, Bilboko Munduko Emakumeak taldearen eta Basauriko Marienea Emakumeen Etxearen ahotsak entzuteko parada izan genuen. Hona hemen, bada, jardun haren bideo-laburpena.
Besterik gabe, ekainaren 30ean 19:00etan egingo dugun saioan parte hartu nahi baduzu, bete ezazu formulario hau eta, egun pare bat lehenago, bidaliko dizkizugu bideohitzaldian parte hartzeko esteka eta koordinatuak.