- Portugaleteko XXIV. Berdintasun Jardunaldiek, urriaren 24 eta 25ean izandakoek, aurten ere berretsi dute beren lidergoa Euskal Herriko feminismoaz hausnartzeko eta eztabaidatzeko topagune nabarmengarri gisara.
- María José Blanco alkateak azpimarratu zuen inaugurazio-ekitaldian Udalak politika feministekin duen konpromiso politikoa. Halaber, genero-indarkeriaren negazionismoaz ohartarazi zuen, ezbairik gabe emakumeen eskubideen aurkako mehatxua baita.
- Lehen jardunaldian hauexek aritu ziren hizlari: María Guijarro Berdintasuneko Estatu Idazkaria, Estatu modernoaren oinarri patriarkalez gogoeta egin zuena; Elisa García soziologoa, gazteen artean neomatxismoaren gorakada aztertu zuena eta Ana Goitia komunikatzailea, lodifobiari heldu ziona eta gorputz-dibertsitatea eskubidetzat aldarrikatu zuena.
Portugalete, 2025eko urriaren 28a. Portugaleteko XXIV. Berdintasun Jardunaldiek, urriaren 24 eta 25ean antolatuek (440 lagun izena emanda) aurten ere nabarmendu dute beren lidergoa Euskal Herriko feminismoaz hausnartzeko eta eztabaidatzeko topagune garrantzitsu gisara. Jardunaldiei hasiera emateko María José Blanco Portugaleteko alkateak, Miren Elgarresta Emakunderen zuzendariak eta Teresa Laespada Enplegu, Inklusio Sozial eta Berdintasuneko diputatuak jardun zuten.
María José Blancok bere berbaldian azpimarratu zuen “jardunaldiok badirela Portugaletek lau hamarralditan baino gehiagotan egin duen bidearen adierazpide. Izan ere, bide horri ekin zioten 80ko hamarkadan erakundeetan politika feministez berba egitea ausardia- eta konbentzimendu-ekintza zelarik”. Bere berbaldia amaitu zuen hauxe esanez: “ irmo eta atezuan jarraitu behar dugu genero-indarkeriaren negazionismoaren mehatxuaren aurrean, eskuin muturrak bultzaturik, xede baitu akordio sozial eta politikoak urratzea eta emakumeek gobernatzen dituzten tokietako eskubideen atzerakada bultzatzea”.
Jardunaldiei hasiera emateko gaiak: Estatu erantzukizuna, neomatxismoak eta lodifobia
María Guijarro Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Estatuko idazkariak hausnarketa egin zuen Estatu modernoaren oinarriez, betiere ikuspegi feministatik. Kontratu soziala pertsona aske eta berdinen arteko itun gisa hartuta, Guijarrok azpimarratu zuen pentsalari feministek hasieratik bertatik jarri zutela zalantzatan sorrera-narratiba hura zalantzarik gabe, behin ikusita hala emakumeak nola talde baztertuak hiritartasun-akordio hartatik at zeudela.
Berebat, adierazi zuen Estatuaren ustezko neutralitate horren azpian badagoela ezkutuan gizonen arteko itun bat, emakumeen bizitzaren eta gorputzen gaineko kontrola bermatzekoa, botere-desberdintasuna arlo guztietan legitimatuz.
Elisa García Madrilgo Unibertsitate Konplutenseko Soziologia irakasle eta doktoreak ohartarazi zuen espainiar nerabeen antifeminismoaz eta indarkeria matxistaren negazionismoaz. “ Bost mutil gazteetariko batek uste du genero-indarkeria asmakizun ideologikoa dela eta eta % 44k uste du berdintasuna urrunegi iritsi dela” gaineratu zuen. Manosferaz (komunitate digital misoginoen sarea) eginiko bost urteko ikerketa-lanak behin eginda, haren funtzionamendua teknokultura toxiko bat dela azaldu zuen, algoritmoak elikatzen dituena eta negozio-ereduak (arreta eta gorrotoa) dituena, hain zuzen ere. Aurreko guztiak gazteen erradikalizazioaz gain, sareko misoginia-zabalkundea ere sustatzen du.
Ana Goitia telebista-zuzendari, umorista eta moda-influenzerrak elkarrizketa dibertigarri bezain irmoa eskaini zuen estigma zabaldu eta isilenetako bati buruz, hau da, lodifobiaz. Estilo zuzen eta hurbila baliatuta, gorputz handiekiko arbuio soziala salatu zuen. Orobat, defendatu zuen gorputz-dibertsitatea ez dela salbuespen bat, eskubidea baizik. Komunikatzaileak gaineratu zuen lodifobia guztiz barneraturik dagoela gizartean eta pairatzen dutenen baitan ere bai. Ildo horretatik abiatuta, juzkuen eta ustezko osasun- aholkuen min psikologikoaz ohartarazi zuen. Berbaldiari amaiera emateko erabateko mezu hauxe eman zigun: “ Onartu zeure gorputza den bezalakoxea baina oraintxe, bihar ez”.
Hiru mintegi aldiberekok gako feministei heldu diete aldaketa sozialari begira
Noemí Pastor Portugaleteko Berdintasunaren Batzorde Mistoko kideak aurkeztutako jardunaldiok urriaren 25ean (larunbata) amaitu ziren. Horretarako, hiru mintegi aldibereko antolatu ziren.
Beatriz Izquierdo Zuzenbidean lizentziatu eta Zuzenbide Penalean, Kriminologian eta Espetxe Zuzenbidean espezializatuak bere mintegian heldu zien haurrek zein nerabeek Interneten dituzten arriskuei eta haiei aurre egiteko helduen erantzukizunari. Izquierdok azpimarratu zuen adingabe bati gailu bat ematea arriskuak azaldu gabe ez dela adingabea babestea. Bere berbaldian azaldu zuen adingabeen ohiko jokaera asko (irudi intimoak partekatzea edo profil faltsuak sortzea) delituak direla. Hori dela eta, azpimarra egin zion Adingabearen Zigor Erantzukizunaren Lege Organikoa ezagutzeko beharrari. Hizlariak defendatu zuen heziketa afektibo-sexual arautuaren beharra, adostasun, autokontrol eta autoestimua irakasteko.
Marta Dolado Auzolaneko Aholkularitza Juridikoko Zerbitzuaren arduradun eta Bizkaiko Abokatuen Elkargoko Emakume Letratuen Taldeko kideak azaldu zuen erakundeetako adingabe askok erabiltzen dituela sare digitalak maitasuna eta errekonozimendua lortzeko. Horrexek zaurgarri uzten ditu erasotzaileen aurrean, haien hauskortasun emozionalaz baliatzen dira eta. Doladok gogora ekarri zuen NBEren arabera, 370 milioi neskatila biziri eraso egin dietela sexualki bizialdiaren uneren batean. NBEk eta Amnistia Internazionalak salatzen dute sexu-indarkeria gerra-arma bat dela. Amaitzeko, iruzkindu zuen haur-pornografian zailtasun handiz atzeman daitezkeela erasotzaileak, sare digitaletan ezkutatuta.
Nora Sebastián Ballestero eta Joana Portal Escarcena psikologoek Leire Serrano Alberdi Espacio Regaderaren fundatzaile eta La Huerta komunitate-espazioaren zuzendariarekin batera indarkeria bikarioan oinarri zuten debatea. Izan ere, indarkeria matxistaren erarik ankerrenetako bat dugu erasotzaileak seme edo alabak edota maskotak erabiltzen baititu emakumeari min emozionala egiten jarraitze aldera. Horretaz gain, salatu zuten justizia legeak eurak direla askotan dinamika horien babesle, tratu txarrak ematen dituztenen eskubideak lehenesteagatik, biktimen ongizatea alboratuta. Dibortzioak tratu txarrei amaiera ematen dielako uste okerra ere deseraiki zuten gure adituek. Haiek azaldu zutenaren arabera, indarkeria handiagotu edo itxuraldatu egin daiteke banaketaren ostean, justizia sistema patriarkalak berak sustatuta.










