Bidatzeneak 2026ko udazkeneko egitaraua aurkeztu du eta beste edizio arrakastatsu bat izatea espero dugu.
Iragan den martxoaren 22an Bidatzeneak, Portugaleteko emakume guztien etxeak 2 urte bete zituen, prozesu parte hartzaile baten ostetik ateak ireki zituenetik. Harrera ezin hobea izan du proiektuak Portugaleteko herritarren artean, eta dagoeneko 12 dira Etxean elkartzen diren taldeak, Bidatzenearen inguruan komunitate sendo bezain adierazgarria sortzen ari den seinale.
Denboraldi berri honetan, jabetze eskolan 9 ikastaro izango dira. Batetik, dagoeneko ezagunak eta arrakasta handia izan duten ikastaroak errepikatuko dituzte: mugimendu tailerra, barreterapia, zoru pelbiko deskubritzen eta autodefentsa feministaren ikastaroa.
Bestetik, berriak diren beste proposamen batzuk izango dira jabetze eskolan: Autozainketa irauli dezagun ikastaroan ongizatea ikuspegi eraldatzaile batetik kolektiboki birdefinitzeko espazio izango da; eskalada tresna bilakatuko da ikuspegi feminista batetik kirol-jardunari ekiteko; komunikazioa eskubideaz haursnartuko dira ZHE tailerrean; Historia gogoangarriak tailerraren bidez, herentzia kulturalei, joan-etorriei eta erresistentziei erreparatuko zaie hausnarketa dekolonialaren argitan; eta bukatzeko, Chi-kung ikastaroa izango da osasun fisikoa eta emozionala hobetzera bideratuta. Azken hau, bai eta autodefentsa feministaren tailerra euskaraz izango dira, Bidatzenean ere euskararen erabilera bultzatu eta Etxea Portugaleteko euskararen beste arnasgune berri bat bilakatzeko asmoz. Izena emateko epea irekita dago irailaren 30era arte.
Dagoeneko 11 dira martxan dauden jabetza guneetako taldeak eta espazio berri bat estrainatuko dugu, mugimenduari lotutakoa. Dantzatu ezin badugu, ez da gure iraultza! dio Emma Goldamenek.
Bidatzenean zerbitzu guztiak doakoak dira eta Portugaleteko emakume guztien eskura daude. Bukatzeko, eta hasieran aipatutako prozesu parte-hartzaileari erreferentzia eginez, Bidatzeneak parte hartzeko laborategia izan nahi du, eta gobernantza-eredu propioa garatu, parte hartzearen kultura berriak asmatze bidean, lankidetza publiko-soziala sustatuz. Horregatik, ikasturte honetan zehar ere, honi begirako urrats berriak emateko asmoa agertu dute. Aurreraxeago izango da pausu hauek xehetasun handiagoz ezagutzeko aukera.
Bidatzeneako atalean topatuko dituzue egitaraua zein izen emateko esteka, baina telefonoz zein bertaratuta ere izena eman ahalko duzue. Kuxkuxeatu eta zatoz komunitate honen parte izatera!
Hasi dadila Bidatzenearen ikasturte berria!




